Euskal Herriko Telekomunkazio Kooperatiba

Izarkom eta Hiritik At kooperatibek Udalbiltzarekin batera sortu dugun telekomunikazio operadore neutro publiko-komunitarioa aurkeztu berri dugu: EH Kom. Euskal Herrian dagoen arrakala digitala gainditzeko Udalerri eta auzoetan sare publiko-komunitarioak jartzen lagunduko duen Euskal herriko operadore nazionala. Hainbat euskal udalek, hedabidek eta ekimenek babestu dute proiektua.

Aurkezpenean izan dira, besteak beste, proiektua babestu duten Euskal Herriko hainbat udaletako ordezkariak; Hamaika telebista, Puntueus eta Bai Euskarari fundazioetako, Martin Ugalde Kultur Parkeko edota Izarlink, Goiener, Hiritik At eta Izarkom-ekoak, baita EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak ere.

2020. urtetik diseinatzen ibili garen proiektu honi buruzko azalpenak eman dituzte aurkezpenean parte hartu duten hizlariek. Hasteko, Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta teknikari Clara Rougetek telekomunikazio burujabetzaren, baliabideen demokratizazioaren eta gure tresna propioak sortzearen beharra azpimarratu dute. Ostera, Hiritik At eta Izarkom-eko ordezkariek kooperatibismoari eta tresna publiko-komunitarioak sortzeko apustuari buruz jardun dute. Amaitzeko, EH Kom-eko teknikari Beñat Azkargortak eta Oñatiko zinegotzi Xabier Igartuak gehiago sakondu dute tele-operadorearen eraketa prozesuari, bere ezaugarriei eta eskainiko dituen zerbitzuei buruz.

Aurkezpenari ukitu artistikoa eman diote Oreka TX-ko lagunek, harrizko eta egurrezko txalapartaren bitartez ekitaldia irekiz eta itxiz. “Mendeetan zehar txalaparta gure telekomunikazio tresna burujabe izan da. Egun, ttakun-ttakun hotsak informazio bitekin ordezkatuak izan diren garai honetan ere, telekomunikazio tresna burujabeak behar ditugu eta, txalaparta bezala, gureak”, azaldu du Asurmendik.

Arrakala digitala gainditzeko burujabetza tresna

Asurmendiren hitzetan, “Nazio Batuen Erakundeak berak ere Interneterako eta Informazio eta Komunikazio Teknologietarako sarbidea giza eskubidetzat aitortua” duen arren, arrazoi geografiko eta sozioekonomikoengatikdagoen arrakala digitala gainditzeko xedearekin jaio zen proiektu hau, teknologia burujabetza eta herri ikuspegitik. Helburua da auzo eta herrietan sare ireki, neutro, aske eta publiko-komunitarioak garatzea eta sustatzea.

Izan ere, interneterako sarbidea oinarrizko eskubidea den heinean, azpiegituren eta zerbitzuen demokratizazioa (jendearentzako eskuragarri izatea) eta herritarren gai honekiko ahalduntzea ezinbestekoak dira. EH Kom-ek, beraz, ez luke sarerik ustiatuko; bezeroaren aukerazko telekomunikazio operadorea ezartzeko kanala ezartzen lagundu baizik.

Clara Rougetek azaldu du ostera proiektu honen eraketa prozesua: “Izarkom eta Hiritik At-ekin bat egin genuen eta hiruron artean hasi ginen forma ematen. Telekomunikazio burujabetza batzordea osatu genuen, gu hiruoz gain arlo honetan interesa zuten hainbat udal ordezkari eta aditurekin. Batzorde honetan, esperientzia eta lanketa ezberdinak ezagutzeko parada izan genuen, baita Euskal Herritik at ere, Herri Katalanetako Centelles udalerriarena, kasu. Ondoren, idazkari-kontu hartzaile eta bestelako aditu ezberdinekin, zailtasun juridikoak aztertu genituen, Hego zein Ipar Euskal Herriaren, alegia, frantziar eta espainiar estatuen marko juridikoen mugak aztertuz; eta horiei irtenbidea emango zien proiektua diseinatzen ahalegindu ginen”.

EH Kom operadorea kooperatiba integral gisa egituratuko da, bertan hiru motatako bazkideak egongo direlarik: bazkide langileak, bazkide kontsumitzaileak (Udalak, tokiko operadoreak, garapen agentziak, mankomunitateak, enpresa parkeak), eta bazkide laguntzaileak (Hiritik At, BDSkoop edota Udalbiltza, besteak beste).

Zerbitzuak

EH Kom-ek hainbat zerbitzu eskainiko ditu, horien bitartez finantzatuko duelarik proiektua; besteak beste:

  • Operadore neutroa: EHko sarea(k) era neutro baterako arauak, bitartekaritza, gobernantza eta kudeaketa.

  • Sarearen jabetza eta inbertsioa gauzatzea beharrezko figura merkantila sortu ezin duten udalerri, auzo edo guneetarako.

  • Aholkularitza teknikoa eta juridikoa

  • Tokiko sareen proiektuen diseinua, garapena

  • Sareen gobernantza eredua diseinatzeko laguntza, aholkularitza eta dinamizazioa.

  • Sare ireki, neutro, aske eta publiko edo publiko-komunitarioen sustapena.

  • Sareak eraikitzeko finantzazioa lortzea.

  • Beharra handia duten auzo eta herrietan lehentasuna jartzea.

  • Diskurtsoa sortzea.

  • Arlo honetako politiketan aurrera pausuak emateko eragitea.

 

* Berria jakitean kide batzuk azaldu duzuen kezkari erantzunez, esan behar dizuegu proiektu berri honek ez duela Izarkomen jarduna inondik ere aldatuko. Izarkomek orain arte bezala jarraituko du zerbitzua ematen, eta EH Komen lana izango da Izarkom eta beste operadora batzuek zerbitzu hori sare libreen bidez eman ahal izateko sortuko diren aziegitura horiez arduratu, kudeatu eta mantentzea.

Pin It on Pinterest

Partekatu hau!

Partekatu zure lagunekin