Euskal Herrian Euskarazek eta Izarkomek lankidetza hitzarmena sinatu dugu.
Izarkom eta Euskal Herrian Euskarazen ustez, euskarak biziberritze osoa behar du eta horretarako ezinbestekoa da gizartearen esparru guztietan presente egotea, baita azpiegitura teknologikoetan, komunikazioetan eta eguneroko zerbitzuetan ere.
Izarkom telekomunikazio kooperatibak komunikazio azpiegitura burujabeak eta komunitarioak garatzen ditu, herritarren kontrolpean egongo diren zerbitzuak sustatuz. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak, berriz, euskararen aldeko aktibismoa eta hizkuntza-eskubideen defentsa sustatzen ditu, euskararen erabilera eta presentzia indartzeko eta, azken buruan, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.
Euskararen biziberritzeak eta herritarren burujabetzak bide bera partekatzen dutenaren uste osoa izanik, eta ikusiz elkarlanak aukera ematen duela helburu horietan urrats sendoagoak emateko, Izarkom eta Euskal Herrian Euskarazen arteko lankidetza-esparru bat ezarri nahi izan dugu, euskararen normalizazioa, herritarren burujabetza eta komunitatearen ahalduntzea sustatzeko helburuarekin, honako helburu hauek sustatzeko:
- Euskara telekomunikazioen eta teknologiaren esparruan indartzea.
- Herritarren burujabetza teknologikoa eta komunikatiboa sustatzea.
- Euskararen erabilera soziala eta presentzia handitzea komunikazio eta zerbitzu digitaletan.
- Bi erakundeen arteko elkarlana sustatzea komunikazio, dibulgazio eta sentsibilizazio ekimenetan, baita Euskal Herri burujabearen eta euskaldunaren aldeko lanean ere.
Era berean, inposatu dizkiguten mugen gainetik, ikuspegi nazionarekin jarduteko konpromisoa hartu dugu bi eragileok; horretarako, arreta berezia jarriz Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak indartzean, komunitatearen ikuspegitik lan eginez eta euskararen lurralde osoa kontuan hartuz.
