Euskal Herriko Telekomunkazio Kooperatiba

Udaberriko oporrak ate joka daudenez, eta gutariko asko bidaiak antolatzen, uste dugu artikulu hauxe lagungarria izan daitekeela

Roaming tarifetan aldaketak egon dira prezioari eta herrialdeei lotuta, eta beraz, aldaketa horien gainean ariko gara.

Roaminga eta eremuak

Roaming-a, zerbitzu bat da zeinaren bitartez gure mugikorra erabil dezakegun kanpora ateratzen garenean, gure mugetatik at.

  • Edozein zenbaki finko eta mugikorretara deiak egin eta jasotzeko;
  • SMS mezuak bidali eta jasotzeko;
  • Interneten nabigatzeko, mezularitza eta posta elektronikoa erabiltzeko.

Roaming-a doako zerbitzua izanik ere, gerta liteke segun eta nora goazen mugikorraren erabileraren batek gastuak eragitea.

Roaming-a 3 eremutan sailkatzen da eta eremu bakoitzeko kostu eta kontsumo mugak ezberdinak dira:

  • Roaming 1 eremua (Europar Batasuna eta Erresuma Batua)
  • Roaming 2 eremua (Europako gainontzeko herriak, AEB eta beste herrialde batzuk)
  • Roaming 3 eremua (Munduko gainontzeko herriak)

Lotura honetan aurkituko dituzue eremu bakoitzari dagozkion xehetasunak.

Lehenengo eremua, jatorrizko eremuan bazina bezalakoa da. Hau da, datuak eta deiak norbere tarifaren araberakoak dira, aldaketarik ez, beraz. Hala ere, Europako araudi berri batek mugak ezartzen ditu datuen erabileran (aurrerago azalduko dugu). 

Bigarren eta hirugarren eremuetan, deiak egin eta jaso ditzakegu, baina ERNE! minutuko batez besteko prezioa oso altua baita bi kasuetan. Horregatik, joan aurretik, erantzungailua desaktibatzeko aholkatzen dugu, behin Espainiako estatutik ateratzerakoan ezingo baitugu halakorik egin.

Hala ere, ezusteko txarrak ekiditeko asmoz, gogora dezagun, gure linea guztietan tarifatik kanpoko kontsumoek 30 € ko(BEZa barne) muga dutela lehenetsita. 30 euro gastatzean, linea blokeatu egiten da. Gainera, kopuru hori aldatzeko aukera ere badaukagu.

Datuei dagokienez bestalde, bigarren eremuko erabilera hobetu da gigaren prezioak behera egin duelako. Hirugarrengoan berriz, datuak desaktibatzea komeni da, GARESTI-GARESTIA baita. Taula honetan ikus dezakegu:

Roaming 1 Roaming 2 Roaming 3
Internet Datuak Zure tarifaren araberakoa

25 €/GB

(0,0244€/MB)

6,0500 €/MB

Informazio gehiago nahi izanez gero, hemendik aurrera topatuko duzue.

Roaming 1 eremua: datuen erabilera mugatzen duen araudi berria 

Europar Batasunera edo Erresuma Batura bidaiatzen badugu, Izarkomekin kontratatuta dugun linea erabiltzen jarrai dezakegu, roaming zerbitzua aktibatuz.

Baina adi! Hemendik aurrera, gure tarifan kontratatuta ditugun datuen arabera, gehienezko GB kopuru bat bakarrik kontsumitu ahal izango dugu prezio horretan. Muga gainditzean, konexio-abiadura jaitsiko da (datuak amaitzean gertatzen den bezala) eta datuak kontsumitzen jarraitzeko beharra badugu, datu gehigarriak eskatu beharko ditugu.

Taula honetan kontratatutako tarifaren arabera, zenbat datu erabili ahal izango ditugun kontsulta dezakegu:

Tarifa Datuak Estatuan Roaming muga
150min 1GB 1 GB 1 GB
Dei mugagabeak eta 5GB 5GB 5 GB
Dei mugagabeak eta 12GB 12GB 7GB
Dei mugagabeak eta 20GB 20GB 9 GB
Dei mugagabeak eta 25GB 25GB 10 GB
Dei mugagabeak eta 50GB 50GB 14 GB
Dei mugagabeak eta 150GB 150GB 23 GB
Bonu partekatuak 50 50GB 19 GB
Bonu partekatuak 70 70GB 24 GB
Bonu partekatuak 150 150GB 33 GB

Etxera itzulera hilabete berean eginez gero, erabili gabeko datuak berreskuratu ahal izango ditugu (blokeatuta geratu balira bezala izango da).

Bruselak ezarri duen aldaketa honen helburua, Roamingaren erabilera okerra ekiditea da . Zehazki, lehen eremuko roaminga doakoa dela aprobetxatuz, tarifak merkeagoak dituzten beste herrialde bateko telefonia eta internet zerbitzuak kontrata ez daitezen. Adibidez, Alemanian tarifak Espainian baino garestiagoak direnez, Alemanian bizi den pertsona batek Espainiako operadore bati kontratatu ahal izango lizkioke zerbitzurik merkeenak, eta Alemanian erabili.

Roaming 2 eremua: prezioa merkeagoa da, baina adi!

Orain arte, EBtik ateratzean datuak desaktibatzea gomendatzen genuen, gure hornitzaileak finkatutako prezioa oso garestia zelako eta faktura altuak saihesteko.

Urte hasieratik, datuen prezioa herrialde askotan (ez denetan) jaitsi izanak sarbidea erraztu du. Gauzak hala, “tarifa eguneratuko herrialdeak” ezarri dira, BAINA ERNE IBILI,  prezioak oso altua izaten jarraitzen baitu: 25 € GBeko.

Gainera, “tarifa eguneratuko herrialdeetan” datuak erabili nahi badituzu, egindako kontsumoagatik ordainduko duzu. Beraz, Izarkomen datuak desgaitzea eta WIFI bidez konektatzea gomendatzen dugu, fakturan ezustekorik ez izateko. 

Eta 3. eremuan zer?

Hirugarren eremuan ere, datuen desgaitzea eta WIFI bidezko konexioa erabiltzea gomendatzen dugu.

Salbuespen gisa, datuak erabiltzeko beharra izanez gero eta roaming 1 eremutik kanpo ere lasai nabigatzen jarraitzeko, bidaiatzen dugun herrialdean, bertako SIM bat eskuratzea da gure aholkua. Gure zenbakia ez duen beste SIM bat erabiltzen badugu ere, Whatsapp, Telegram, WeChat eta gainerako aplikazioak gure ohiko zenbaki edo erabiltzailearekin konfiguratuta izango ditugu.

Azken gomendio batzuk

Esan bezala, 2. eremuan, tarifa eguneratua izan arren, GB-aren prezioa oso garestia da oraindik! Datuak desgaitzea edo mezularitzarako bakarrik erabiltzea gomendatzen dugu eta mezuetan bideoak edo argazkiak ez partekatzea edo deskargatzea. Datu asko kontsumitzen dituzten aplikazioak erabili behar baditugu (mapak, bideoak, irudiak deskargatzea), hobe tokiko SIM txartela erostea.

Egon adi mugako eremuetan, bai Estatuaren barruan, baita 1. eremuan ere. Bi kasuetan 2. eremuko sare batera konektatzeko arriskua baitago automatikoki. Adibidez, Urgelleko egoitzatik Andorrara konektatzeko arriskua dago, Greziako uharte batetik Turkiara, edo Tarifatik (Cadiz), Marokoko sare batera. Mugetatik gertu bagaude, mugikorra konektatuta dagoen sarea berrikusi, eta, beharrezkoa bada, gure gailuan sareen konexio automatikoa desgaitu eta EBko sare baterako eskuzko konexioa egin dezakegu.

Izan kide!

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Albiste gehiago irakurri

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Dakizuenez, Ados Pilota, emakumezkoen pilota profesionala sustatzea helburu duen elkartea da, eta horrek, erdiz erdi bat egiten du Izarkomen izaerarekin.  Hori dela eta, lankidetzan jorratu dugu 2023/24 denboraldia eta antolatutako partida eta jaialdiak zuzenean...

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Herri gobernantzak ospatu eta aldarrikatzeko egunean urgentziazko arreta eskariak artatuko ditugu soilik. Izarkomen lan egutegi propio bat garatzearen aldeko apustua egiten dugu, gure baloreekin bat datorrena. Honenbestez ez dugu jaiegun arrotzik zein erlijioekin edo...

Egin zaitez bazkide

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara.

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Pin It on Pinterest

Partekatu hau!

Partekatu zure lagunekin