Izarkomek eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak elkarlanean jarraituko dugu trinketeko txapelketak bultzatzeko
Izarkom Telekomunikazio Kooperatibak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak elkarlanean jarraituko dugu denboraldi honetan ere, Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketak bultzatzeko. Kooperatiba trinketeko espezialitate eta kategoria guztien babesle ofiziala izango da, kadeteetatik hasi eta nagusietaraino.
Lankidetzaren erakusgarri, bi erakundeetako ordezkariak elkartu gara denboraldi honetako Izarkom Sariak aurkezteko. Aurkezpenean, txapelketetan parte hartuko duten hainbat klubetako pilotariak ere izan dira.
Izarkomen babesak trinketeko espezialitateei ikusgarritasun handiagoa ematea du helburu. Izan ere, euskal pilotaren barruan ere trinketak oihartzun txikia du oraindik, eta bi erakundeek elkarlanaren garrantzia nabarmendu nahi dute.
Denboraldi honetako egutegian eskuz banakako, eskuz binakako, paleta argentinarreko, larruzko paletako eta xareko txapelketak daude aurreikusita. Dena den, zenbait lehiaketa antolatzea parte-hartzearen araberakoa izango da.
Martxan dauden txapelketak eta datozen hilabeteetako egutegia
Une honetan, nagusien eskuz binakako eta larruzko paletako txapelketak daude martxan. Eskuz binakako lehen mailan bost bikote ari dira lehian, eta bigarrenean, sei. Larruzko paletako txapelketan, berriz, bost talde ari dira parte hartzen.
Eskuz binakako bi mailetako finalak azaroaren 7an, 16:30etik aurrera, jokatuko dira Iruran. Larruzko paletako finala, berriz, azaroaren 15ean, 11:00etan, izango da, Iruran.
Bestalde, nagusien eskuz banakako txapelketa azaroaren erdialdean hasiko da. Lehen mailan zortzi pilotarik hartuko dute parte, eta bigarrenean, hamaseik. Finalak abenduaren 19an jokatuko dira, Iruran, 16:30etik aurrera.
Kadeteen eta jubenilen eskuz binakako txapelketak azaroaren amaieran hastea aurreikusten da. Paleta argentinarreko txapelketa abenduan hasiko da, bi mailatan, eta xarekoa urtarriletik aurrera jokatuko da, nahikoa taldek izena emanez gero.
Hainbat final, zuzenean
Izarkomek eskainiko duen Interneteko konexioa baliatuta, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak trinketeko hainbat final zuzenean eskainiko ditu, Gipuzkoa Pilota Emankizunak YouTube kanalaren bidez.
Gainera, Izarkomen babesa ez da trinketeko txapelketetara mugatuko. Federazioak zuzenean eskainiko dituen gainerako espezialitateetako finaletan ere kooperatibak Interneteko estaldura eskainiko du, emankizunak kalitate handian egin ahal izateko.
Zuzeneko emankizunen estekak Federazioaren ohiko komunikazio-kanalen bidez zabalduko dira.
Finalak jarraitzeko, harpidetu Gipuzkoa Pilota Emankizunak YouTube kanalera eta aktibatu jakinarazpenak.
