Ikastolek eta Izarkom-ek hitzarmena sinatu dugu, burujabetza teknologikoan eta kooperatibismoan sakontzeko
Ikastolen Elkarteak eta Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu dugu, hezkuntza komunitatearen behar digitalak ikuspegi kooperatibo eta sozialetik erantzuteko. Akordioak telekomunikazio zerbitzuen kudeaketa arduratsu, garden eta herritarren esku egongo den eredua sendotu nahi du.
Burujabetza teknologikoan aurrerapausoa
Internet gaur egun ezinbesteko tresna da hezkuntza eskubidea bermatzeko, eta, horregatik, Interneterako sarbidea gizarte eskubide gisa ulertzen dugu bi erakundeok. Hitzarmen honen bidez, sarearen erabilgarritasuna, irisgarritasuna eta prezio egokia bermatzen lagunduko dugun azpiegitura eta zerbitzuak indartu nahi ditugu, ikuspegi publiko eta komunitariotik abiatuta.
Helburua da telekomunikazio burujabean sakontzea, herrien etorkizuna enpresa pribatu handien interesetara lotuta gera ez dadin. Horretarako, ikastolen telekomunikazio beharren kudeaketan Izarkom izango da erreferente nagusia, eta ikastolek beren telekomunikazio azpiegituretan autonomia handiagoa izatea sustatuko da.
Bi kooperatiben arteko lankidetza
Euskal Herriko Ikastolek eta Izarkomek balio komunak ditugu: euskararen aldeko jarduna, kooperatibismo eraldatzailearen sustapena komunitatearen autoeraketaren bidez eta burujabetzarantz urratsak ematea, izan hezkuntzan zein telekomunikazio ereduan. Hitzarmenak bi mugimenduak elkarlanean jartzen ditu, euskararen sustapena, telekomunikazio burujabearen aldeko ikuspegia eta praktika, zein kooperatibismo eraldatzailea eguneroko jardunean txertatzeko.
Akordioak aurreikusten du ikastolen telekomunikazio kontratuen aholkularitza eta egokitzapena, ahal den neurrian sare propioen erabilera bultzatzea eta Izarkomen zerbitzuak gomendatzea. Gainera, telekomunikazio burujabea eta baliabideen erabilera arduratsua lantzeko hitzaldi eta tailerrak antolatuko dira hezkuntza komunitatearekin, bai ikastolen barne dinamikan bai gizartera begirako ekimenetan.
Hezkuntza komunitatea eta gizarte-eragina
Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Euskal Herri luze zabaleko 115 ikastolak osatzen dute, hiri eta herrietan errotutako zentroek, euskal curriculumean eta pedagogia aurreratuan oinarritutako hezkuntza eskaintzen dutenek. Izarkom, berriz, 2017an sortutako irabazi asmorik gabeko telekomunikazio kooperatiba integrala da, herritarren Interneterako sarbide eskubidea bermatzea eta telekomunikazioen gaineko burujabetza praktikara eramatea duena xede.
Akordioak aukera emango du Ikastolen mugimenduko eragile eta norbanakoak Izarkomera gehiago hurbiltzeko, bazkide izan ala ez, kontsumo eredu arduratsu eta kooperatibo baten aldeko hautua erraztuz. Bazkide diren ikastolei beharren araberako azterketak eta zerbitzu doikuntzak eskainiko zaizkie; bazkide ez direnei, berriz, kontratu konparaketak eta proposamen egokituak egingo zaizkie.
