Euskal Herriko Telekomunkazio Kooperatiba

Urtarrilaren 27an

Mastodoneko bi komunitate euskaldunek jaso dugu 2023ko Interneteko Argia saria: Mastodon.jalgi.eus eta Mastodon.eus-ek.

“Eskerrik asko, Argia, Mastodoneko euskal komunitatearen lana saritzeagatik. Azken bost urteotan gauza asko ikasi ditugu, baina gure komunitatea euskararen arnasgune eta arigune iraunkorra izan dela azpimarratu nahi dugu lehenik eta behin. Hau ez da euskal instantzia biak dinamizatzen ditugun kideon lanaren eraginez bakarrik gertatu, komunitate hau osatzen dugun milaka erabiltzaile aktibok egunero-egunero hizkuntzarekiko dugun jarreraren emaitza zuzena baita: beraz, komunitateko kide guztiei ere, banan-banan zorionak! Euskarak bizirik iraun behar badu, euskaltzaleok barneratu beharko dugu burujabetza teknologikoko ariketetan, software librean eta ezagutza eta kultura librean oinarrituta eskaini beharko dioguela bere bidea.

Mastodon bezalako ekimenek, erakusten digute, hainbat jenderentzat helburua ez dela sare sozialetan ahalik eta irismen handiena lortzea eta badirela alternatibak adimen artifizialetik, algoritmo maltzurretatik, publizitate inpaktutik eta atxikitze politiketatik haratago. Sare hauetan, eta bereziki euskal Mastodon komunitatean, mikro-audientzien sostengua, elkarlana eta komunitate sentsazioa nagusi dira.

Baina etorkizunera begira ere, badugu lana: agian momentu egokia da euskal Mastodon komunitateak, eta orohar euskal fedibertsoak, dituen erronkei ekiteko. Adibidez, emakumezkoen presentzia handiagotu eta ikusgarritasuna bermatu, erabakietan parte hartzeko bide parte hartzaileagoa diseinatu edo oraindik lur hartu ez duten euskarazko zenbait proiektu erakartzeko moduak eskaini.

Hasi bezala amaitu nahi dugu, eskerrak emanez. Librezaleri bere lan militante eta nekaezinarekin ehunka eta ehunka itzulpen euskarara ekarri dituelako auzolanetik azken ia hogei urteotan. Besteak beste, Mastodon euskal instantziak euskaraz bizi daitezen ezinbestekoak diren softwareak. Sari hau beraientzat ere bada.

Eskerrik asko.”

Pin It on Pinterest

Partekatu hau!

Partekatu zure lagunekin