Zer ospatzen dugu maiatzaren lehenean?

Langileen Nazioarteko Eguna edo Maiatzaren Lehena langileen eta langile klaseen borroka eguna da, nazioarteko langile mugimenduak sustatu eta urtero maiatzaren 1ean ospatzen dena.

Industria Iraultzaren testuinguruan landa eremuetako bizi-baldintza kaxkarrak zirela eta jendea hirietara mugitzen hasi zen, ehunka milaka langile biltzen zituzten lehen bizigune xumeak sortuz

Langilegoaren bizi baldintza materialaren degradazioarekin hiriak humanitatearen putzu beltz bilakatu zituen industrializazioak. Hiri-kaotiko berri horietan nahasi ziren erresistentzia tradizioek bultzatuta, ideologia proletarioa eta klase kontzientzia hezur-mamitzen hasi ziren, klase sozializazio modu berriak sortu eta langile klasearen auto-antolaketa moduek gora eginez.

XIX. mendearen erdialdera, AEBtan, hirietan biltzen ziren langileen oinarrizko aldarrikapenetako bat zortzi orduko lanaldia lortzea izan zen, ordurarte baimentzen zen gehienezko 18 orduko lan jardunaren ordez. Ameriketako Lan Federazioak, 1884ko urriaren 17an egindako Laugarren Kongresuan, 1886ko maiatzaren 1etik aurrera lanaldiaren legezko iraupena zortzi ordukoa izango zela erabaki zuen, eta sindikatu guztiei horretarako legeak egiten saiatzeko gomendioa egin zien, lege aldaketa lortzen ez zen tokietan greba deialdiak egin zitzatela iradokiz.

1886ko maiatzaren 1ean, Lan Federazioak bultzatuta, zortzi orduko lanaldiaren aldeko greba orokorra abiatu zuten Ameriketako Estatu Batuetan. Egun batzuk beranduago, maiatzaren 4ean, Chicagon, grebalariei babesa emateko manifestazio bat abian zela polizia manifestarien aurka oldartu zen, haiek sakabanatzeko asmoz, eta egoera horretan, Haymarket plazan, pertsona ezezagun batek dinamita-bonba bat lehertarazi zuen. Poliziak langileen aurka tiro eginez erantzun zuen, eta leherketa eta poliziaren neurrigabeko erantzunak sortutako egoeraren ondorioz zazpi polizia eta gutxienez lau zibil hil ziren. Ehun eta hamabost zibil ere zauritu zituzten.

Chicago setio egoeran deklaratu zuten, eta etxeratze aginduaren ondoren ehunka langile atxilotu zituzten, tartean bonbaren ardura egotzi zieten zortzi anarkista, konspirazioagatik epaitu zituztenak. Zortzi epaituetatik zazpi heriotza-zigorrera kondenatu zituzten eta besteari 15 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Illinoisko gobernadoreak heriotz zigorretako bi bizi osorako espetxealdiarengatik aldatu zituen; beste batek bere buruaz beste egin zuen kartzelan, eta beste laurak 1887ko azaroaren 11n urkatu zituzten.

1889an, II. Internazionalaren lehen bilera egin zen Parisen, eta Chicagoko grebalari eta hildako langileen alde nazioarteko manifestazio handi baterako deia egin zen 1890eko maiatzaren lehenerako, Maiatzaren Leheneko manifestazioak bultzatuz Estatu Batuetan eta Europako herrialde gehienetan. 1891n Nazioarteko bigarren kongresuan urteroko ekitaldi gisa onartu zen Maiatzaren lehena; horrela, mundu osoan Maiatzaren Lehena langile klasearen omenezko egun ofizial bihurtzen joan zen.