Puntueusek eta Izarkomek lankidetza-hitzarmena sinatu dugu

Euskara, komunitatea eta teknologia propioetan oinarrituriko digitalizazioa sendotzea du helburu hitzarmenak

PUNTUEUS Fundazioak eta IZARKOM Kooperatiba Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dugu. Akordio honen bidez, bi erakundeok gure indarrak batuko ditugu euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko, eta teknologia propioetan eta euskararen presentzia digitalean oinarritutako proiektuak garatzeko.

Burujabetza digitalaren aldeko elkarlana
PUNTUEUS Fundazioa .EUS domeinuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen da, eta gizarte digital hobea du helburu, euskaratik kohesionatuz, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz. Bestalde, IZARKOM Euskal Herriko Telekomunikazio Gizarte Intereseko Kooperatiba Elkartea da, burujabetza teknologikoaren eta autogestioaren alde lan egiten duena.

Bi erakundeok ikuspegi partekatua dugu: euskarazko, burujabe eta etiko den ingurune digitalaren alde egitea. Hori dela eta, sinatutako hitzarmenak euskal eremu digitalean lankidetza estrategikoa ezartzen du, komunitateari balio erantsia eskainiko dioten ekimenak elkarrekin garatzeko.

Lankidetzaren ardatzak
Hitzarmenaren bidez, PUNTUEUSek eta IZARKOMek hainbat lan ildo garatuko ditugu, tartean .EUS domeinuaren sustapena, eduki eta komunikazioen garapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa jardunaldiak (tailerrak eta ekitaldi publikoak, burujabetza teknologikoaren eta euskararen erabileraren alde), eta etorkizuneko ekimenen azterketa aurreikusi ditugu (software librea, datuen segurtasuna edo hodei propioak bezalako proiektu berrien lanketa).

Testuinguru horretan, Lorea Arakistain izango da IZARKOMek antolatzen duen hurrengo Izarkom Eskolako gonbidatua. ‘Nortasun digitala eta zibersegurtasuna’ TB-podcast solasaldia azaroaren 26an izango da Bilboko nodoan eta HamaikaTBn ikusi ahal izango da ondoren.

Informazio gehiago:

PUNTUEUS Fundazioawww.puntu.eus prentsa@puntu.eus
IZARKOM Kooperatiba Elkarteawww.izarkom.eusarreta@izarkom.eus