GOIENER ETA IZARKOMEK “PIZTU ALTERNATIBAK” MANIFESTUA AURKEZTU DUGU ELKARREKIN

Itzalalditik hilabete pasa den honetan, herritarrei eta eragileei dei egiten diegu energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren alde bat egiteko.

Duela hilabete izandako itzalaldiak zein zaurgarriak eta mendekoak garen erakutsi digu. Oraindik ez dakigu zein izan ziren itzalaldia eragiteko arrazoi teknikoak, baina oinarrizko zerbitzuak noren esku dauden gogorarazteko balio izan digu; energia eta internet bidezko komunikazioak oinarrizko giza eskubideak dira eta, neurri handi batean, enpresa pribatu erraldoien esku daude.

Egoera honen aurrean, beharrezkoa dugu hausnartzea, kritikoak izatea, eztabaida irekitzea eta gure kontsumo ohiturak eraldatzea. GOIENER energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta IZARKOM telekomunikazio operadore kooperatiboak alternatibak egon badaudela aldarrikatu nahi dugu.

Eredu iraunkor, demokratiko eta parte hartzaileagoak landu behar ditugu; kooperatiba eta sare komunitarioak sortu eta babestu, boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin.

Erakundeei eskatzen diegu mendekotasun hori gainditzeko burujabetza eta jasangarritasuna oinarri duten neurri eta politika aktiboak sustatu ditzaten, baina era berean, gizarte eragileei eta kooperatiben gogorarazi nahi diegu gure esku dagoela trantsizio ekosozialerako bidea elkarrekin egitea, alternatiba sendoak eraiki eta etorkizuneko itzalaldi gehiagoren aurrean, alternatiben argia pizteko.

Manifestu kolektiboa irakurri eta atxikimendua eman diezaiokezue piztualternatibak.eus orrian.