Elkarlanean gure kirola eta eragile sarea indartzeko

Euskal pilota sustatzeko eta gizarteratzeko elkarlan estrategiko bat aurkeztu dugu, Gipuzkoako Pilota Federazioa eta Izarkom kooperatiba, Goiener kooperatiba, Tokikom eta Hamaika Telebistaren artean.

Euskal pilota gure herriaren ondarea da, kirola eta kultura da. Frontoietan, trinketeetan, plazetan eta herriz herri entzuten den pilota hots hori gure identitatea da. Baina ez gara itsu bizi: gaur egun kirol hegemonikoek leku eta oihartzun ia guztia hartzen dute, eta horrek asko zailtzen du hain gutxitua den gure kirola zabaldu eta hedatzea. Egunerokoan gehiago zailtzen zaigu gazteengana iristea, pilota ikusaraztea eta behar duen tokia ematea. Horregatik, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da gurea indartzea, zabaltzea eta balioan jartzea.

Komunitateak eta elkarlanak ate asko zabaltzen dituela badakigu, eta oraingoan, auzolanaren bidez eta elkar babestuz bide bat topatu dugu. Elkarlan honi esker, Gipuzkoako Pilota federazioak antolatuko dituen zenbait txapelketen finalentzako ikus-entzunezko estaldura, tokiko telebista kate nahiz kanal digitaletako hedapen bateratua eta txapelketen babesletza lortu ditugu.

Izarkom-ek Federazioaren txapelketetako final guztietan internet konexioa ziurtatuko du, partida hauen ikus-entzunezko estaldura bermatu eta Federazioaren YouTube kanal ofizialean eta Hamaika TB eta Tokikomeko telebista kateetan partidak mundura zabaltzeko aukera digitala eskainiz.

Horrez gain, Izarkomek Trinkete txapelketa guztiak babestuko ditu, eta sariek Izarkom izena hartuko dute.

Hedatu nahi dugun mezua argia da: elkar laguntzea eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, denok indartsuagoak izateko. Kasu honetan elkar laguntzeak gure kirola eta gure enpresa sarea indartzen ditu, eta gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da geurea balioan jarri eta zabaltzea.

Trinkete txapelketen harira, datorren larunbatean, urtarrilaren 17an, Irurako trinketean 4 final izango ditugu, eskuz eta mutilen artekoak.

Goizeko 10:30tan jokatuko dira kadeteen eta jubenilen finalak, eta arratsaldeko 16:30etan 2. mailako nagusiek eta 1. mailako nagusienak.

Horrez gain, Urtarrilaren 9, Irungo Ramuntxo trinketean Pala argentinarrez Izarkom Saria hasiko da, eta urtarrilaren 23an Gipuzkoako Xare Izarkom saria.