Euskal Herriko Telekomunkazio Kooperatiba

Ez, metalzaleok, ez gara Mastodon, Troy Sandersekin osatutako taldeaz ari, sare sozial batez baizik. Azken hilabeteetan, Twitter edo Facebooken alternatiba bila dabiltzan milaka lagun iristen ari dira sare sozial honetara. Plataforma handiek dituzten gaitzetatik ihesi iritsi dira Mastodonera, hala nola etengabeko indarkeria desinformazio edo iragarki amaigabeengandik ihesi.

Sare sozial hau 2016. urtean sortu bazen ere, azken aldian komunitatera batu den lagunen gorakada nabaria izan da.

Hemendik aurrera Mastodon zer den eta sarea erabiltzeko jakin beharrekoak azalduko ditugu: nola erregistratu, zerbitzaria edo instantzia nola aukeratu eta azkenik, interfazearen oinarrizko funtzioak errepasatuko ditugu.

Mastodon mikrobloggingean oinarritzen den sare sozial bat da, hau da, Twitter bezalako mezu laburretan oinarritutako sare sozial bat da, nahiz eta oinarrian guztiz desberdina izan.

Fedibertso terminoarekin ezagutzen dira filosofia hau duten sare sozialak, zerbitzari edo instantzia desberdinetan oinarritzen direnak alegia.

Izarkomen, 2017ko urrian Euskal Herriko lehen instantzia abian jartzeko ekimena sortu genuen jalgi.eus. Gaur egun mastodon.eus-ekin batera, Euskarazko bi instantzietako bat gara 241 erabiltzailerekin.

Orduan, nola funtzionatzen du?

Fedibertsoko sare sozial guztiak bezala, Mastodon ere elkarren artean konektatuta dauden eta instantzia bezala ezagutzen diren zerbitzari independienteek osatzen dute, horregatik, sare sozial deszentralizatua da. Hau da, erabiltzaile guztiei buruzko informazio guztia zerbitzari zentralizatu bakar batean egon beharrean, hainbat sare desberdin eta independentetan banatzen da.

Horrek Twitterrekiko lehen desberdintasun handira garamatza. Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook…) instantzia bakarra egoten da. Mastodonen kasuan aldiz, elkarren artean federatutako hainbat instantzia baitaude. Gure erabiltzaile-izena beraz, erregistratzen garen instantziaren araberakoa izango da. 

Zer da instantzia bat?

Federazioaren parte den zerbitzari bakoitzari instantzia esaten zaio. Instantzia bakoitzak bere arau propioak ditu.

Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak, badira gai edo afizio baten inguruan sortutakoak ere. Edozein kasutan, lasai, elkarren artean federatuta daudenez beste instantzietako erabiltzaileak jarraitu eta haiekin komunikatzeko aukera izango dugu eta. Nahi izanez gero kontu bat baino gehiago sor ditzakegu gainera instantzia desberdinetan.

Instantziak elkarrekin konektatuta daude. Norbaitek instantzia bat sortzen duenean, beste instantziekin federatu ahal izango du denbora-lerro bakarra sortzeko. Horregatik, Mastodonek edukiak ikusteko bi denbora-lerro eskaintzen ditu: bata, gure instantziako edo zerbitzariko elkarrizketena, eta, bestea, erabiltzaile guztiek gurearekin federatutako instantzietan idatzitako mezuena.

Instantzia bat edo beste bat aukeratzeko orduan, badira kontuan hartu beharreko ezaugarri batzuk. Adibidez, instantzia guztiak ezberdinak direnez arau ezberdinak jarraitzen dituzte, bai edukiari dagokionez eta baita mezuen luzeerari dagokionez ere. Oro har, gutxieneko jokabide-arau batzuk ikusten ditugu instantzia gehienetan, mezu sexistak, arrazistak, xenofoboak, haur-pornografia edo gehiegizko publizitatea saihesteko. Hala ere, instantzia batean izena eman aurretik, haren arauak arretaz irakurtzea gomendatzen dugu. 

Erabiltzailea sortzen

Euskal Herrian euskarazko bi instantzia aurki ditzakegu:

Beste instantzia asko daude, instances.social webgunean aurki ditzakezu horietako asko.

Mastodon software librea denez zure instantzia propioa ere sor dezakezu nahi izanez gero.

Mastodon.jalgi.eus

Jalgi.eus, enpresa transnazionalek garatu eta kontrolatzen dituzten ohiko zerbitzuetatik ihes egin eta alternatiba askea eta burujabeak euskaraz eskeintzeko Izarkom, Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibak sortutako instantzia da.

Teknologia, Telekomunikazio eta Energia burujabetzak duten garrantziaz jabetuta, hauek elkarrekin uztartu eta euskal gizarte burujabe baten norabidean, ondorengo baliabideak erabiltzen ditu mastodon.jalgi.eus instantziak:

  • Zerbitzarien interneterako konexioa Izarkom Telekomunikazio Kooperatibaren bidez.
  • Zerbitzarien ostatatzea Izarkomen Telekomunikazio Kooperatibaren bidez.
  • Zerbitzarien argindarra GoiEner Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibaren bidez.
  • Instantziara sarbidea internetez gain, sare ireki, aske, neutral eta partekatuaren bidez ere egin daiteke.

Erregistratzeko erabiltzaile izena, email helbide bat eta pasahitza idatzi beharko ditugu eta “Eskatu gonbidapen bat” botoia sakatu.

Behin kontua sortua dugunean email helbidea eta pasahitza sartu beharko ditugu saioa hasteko.

Profila konfiguratu

Edozein sare sozialetan bezala, Mastodonen ere gure erabiltzaile-profila pertsonalizatzeko aukera daukagu. Hasteko erabiltzaile izen bat sortu beharko dugu. Erabiltzaile-izenari ikurrak gehitzeko aukera ere badugu, biografia aldiz gure profilari buruzko azalpen laburra izan daiteke. Ondoren, abatarra eta goiburuko irudi bat gehitu ditzakegu.

Jarraian, pribatutasun aukerak aurkituko ditugu. Adibidez, gure kontua giltzapetu dezakegu. Aukera honekin, guk onartzen ditugun pertsonek bakarrik jarrai gaitzakete. Bestalde, gure kontua direktorioan zerrendatzen badugu, jende gehiagorengana iritsteko aukera izango dugu.

Profil-metadatuen atalean, gehienez lau esteka pertsonal gehitu ditzakegu. Hemen, gure orrialdeetara sartzeko loturak gehitu ahal izango ditugu, eta gure profilean agertuko dira. Halaber, gure orria egiaztatzeko eta frogatzeko, kode bat ematen zaigu.

Azkenik, Mastodonen gure kontua beste kontu batera migratzeko aukera dugu. Horrela, gehiago gustatzen zaigun beste instantzia batean erregistratu nahi badugu, gure edukia eta jarraitzaile guztiak eraman ahal izango ditugu.

Denbora-lerroak eta mezuak nola ikusi

Saioa hasten dugunean, sare soziala banatzen duten atal desberdinak aurkituko ditugu. Ezagutu beharreko lau atal daude, eta horietan ikus ditzakegu jendearen mezuak:

Hasiera: Denbora-lerro honetan Mastodonen jarraitzen ditugun kontuetako mezuak ikusiko ditugu, guztiak ordena kronologikoan ordenatuta eta algoritmorik gabe. Berdin dio beste instantzia batzuetan erregistratuta dauden pertsonak jarraitzen baditugu, hemen denen mezuak ikusiko dituzu.

Jakinarazpenak: Guk idatzitako mezuen erreakzio guztiak jakinarazpenen atalean ikusiko ditugu. Beste erabiltzaile batzuek gure mezuei emandako erantzunak, bultzadak edo gogokoak izan dituztenak. Gure jarraitzaile berriak ere hemen agertuko zaizkigu.

Denbora-lerro lokala: Denbora-lerro lokalean gure instantziako toot publiko guztiak ikus ditzakegu, ordena kronologikoaren arabera ordenatuta eta algoritmorik gabe.

Denbora-lerro federatua: Denbora-lerro federatuan denbora-lerro lokaleko tootez gain, gure instantziako erabiltzaileek beste instantzietan jarraitzen dituzten erabiltzaileen toot publiko guztiak ikus ditzakegu. Beti ordena kronologikoan eta algoritmorik gabe. Jarraitzen ez dugun jende interesgarri berria aurkitzeko bide bat dira denbora-lerro hauek.

Horrez gain, Mastodonek hashtag-en sistema bat ere badu, Twitterren bezala, gure mezuei etiketak gehitzeko, eta hashtag horietan nabigatzeko, gai beraren inguruko elkarrizketen bila. Hashtagak jarraitzeko aukera ere badago.

Tootak

Mastodonen argitaratutako mezuei toot esaten zaie ingelesez. Toot bakoitzak 500 karaktere izan ditzake, Twitterrek eskaintzen dituen 280 karaktereen ia bikoitza. Beraz, modu zabalago batean adierazteko aukera ematen digu.

Tootak idazteko laukia ezkerretara dagoen zutabean agertuko zaigu. Mezua idazteko balio duen testu-koadroaren azpian hainbat aukera daude mezuak konfiguratzeko:

Kliparen ikonoak multimedia-fitxategiak igotzeko eta eransteko balio du, gure argitalpenean argazki edo bideo bat sartzeko. Klipa sakatu eta fitxategi-arakatzailearen leiho bat irekiko da erantsi nahi duguna aukeratzeko.

Kliparen ondoan, inkestak sortzeko botoia aurki dezakegu. Bertan sakatzean, gure argitalpenaren azpian aukera-eremuak agertuko zaizkigu, gainerako erabiltzaileek horietako bat aukeratu ahal izan dezaten. Aukera gehiago gehitu ditzakegu, eta botoa emateko epeak zenbat irauten duen zehazteko aukera ere badago.

Lurreko globoaren ikonoarekin, mezuaren pribatutasuna doitzeko aukera dugu, eta horren bidez konfigura dezakegu zein erabiltzailek irakurri ahal izango duen argitalpena. Lau aukera ditugu:

Publikoa: Mezua erabiltzaile guztientzako ikusgarri egongo da, gure instantziakoentzat zein federatuetakoentzat.

Zerrendatu gabea: Mezu publikoak dira, baina ez dira agertzen denbora-lerroetan. Beraz, beste erabiltzaile batzuek irakurri nahi izango balute, gure profilera joan beharko luketela.

Jarraitzaileak bakarrik: Mezua publikoa da, baina gure jarraitzaileen artean bakarrik. 

Zuzena: aipatutako erabiltzaileek bakarrik irakurri ahal izango dute. 

CW siglekin, gure mezuaren testua ezkutatzeko aukera izango dugu, irakurri ahal izateko botoi bati sakatu beharko diogularik. Spoilerren aukera moduko bat da, eduki sentikorrak ezkutatzeko edo nahi gabe ikustea nahi ez duzun edukiak ezkutatzeko. 

Bestetik, tootei emojiak gehitzeko aukera dugu. Gainera, emotikono generikoez gain, instantziaren sortzaileek gehitu ditzakete pertsonalizatutako emotikono berriak.

Azkenik, pertsona bat aipatu nahi badugu, abildua idatzi beharko dugu lehenik eta haren erabiltzaile-izen osoa ondoren. 

Eta hitza baino lehen kortxete bat idatzita, hashtag edo etiketa bat sortuko dugu. Gure mezuetako edo bestelako mezuetako hashtagetan klik egin ahal izango dugu etiketa hori bera duten mezu guztien zerrendan sartzeko.

Tootekin elkarreragiteko aukerak

Besteen tootak irakurtzerakoan, mezu bakoitzaren azpian, elkarreragiteko botoi batzuk daude. 

Erantzun: Ezkerreko gezia erantzuteko da. Erantzun-mezu horretan pertsonaren izena eta pertsona horren aipamena jasoko dira. Erantzun bati erantzuten badiogu, “Hariari erantzun” aukera aterako zaigu, erantzuna idatzi duen pertsonari eta mezu nagusiaren egileari erantzungo diogu.

Bultzada: Bigarren botoi honek gure profilean beste pertsona baten mezua partekatzeko balio du. Twitterren birtxiokatzearen funtzio bera dauka, hau da, gure jarraitzaileekin gustuko dugun edo garrantzitsua iruditzen zaigun mezu bat partekatzeko aukera ematen digu.

Gogokoa: Mastodonen ez dugu Atsegin dut botoia bihotz forman aurkituko, izar forman baizik. Pertsona bati bere mezua gustatu zaigula edo interesgarria iruditu zaizula adierazteko balio du.

Gehitu markatzailea: Beste pertsona baten mezua gordetzeko balio duen aukera da. Hori egiten dugunean, eskuineko zutabean Markatzaileak atalean gordetako mezu guztiak ikusi ahal izango ditugu.

Gehiago: Aukera-menu bat zabalduko zaigu, mezuekin beste modu batean elkarreragin ahal izateko, toota hedatzeko edo estekatzeko, mezua txertatu ahal izateko, markatzaile bat gehitzeko, finkatzeko eta beste gauza batzuetarako.

Kontuan izan behar dugu Mastodonen argitaratutako mezuak inolako mugarik edo baldintzarik gabe editatu ditzakegula. Aukera gehiago azaltzen diren hiru puntuko botoia sakatuz gure mezua ezabatu edo berridazteko aukera izango dugu.

Nola erabili dezakegu Mastodonen bilatzailea?

Mastodonen hasiera orrian, ezkerrean goikaldean eduki-bilatzaile bat daukagu, eta bertan etiketak, erabiltzaileak eta mezuak aurkitu ahal izango ditugu. Bilatzaile erraza da, Twitterren antzekoa, baina pixka bat simpleagoa.

Hemen, bilatu nahi dugun terminoa idatzi eta Intro sakatu besterik ez dugu egin behar. Eta orduan, emaitzak dituen orrialde batera eramango gaitu. Orri honetan hainbat fitxa egongo dira, lehenengo Jendea, ondoren Bidalketak eta azkenik Traolak ikusi ahal izango ditugu.

Gida hau irakurri ostean, sare sozial hau erabiltzeko zailtasunen bat edo zalantzarik baduzu, idatzi mastodon@izarkom.eus helbidera eta laguntzen saiatuko gara.

Eman pausu bat teknologia burujabetzara eta batu mastodon.jalgi.eus komunitatera!

Izan kide!

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Albiste gehiago irakurri

Maiatzak 1 langileen eguna

Maiatzak 1 langileen eguna

Langileok pairatzen dugun prekarietate egoera iraultzeko eta bizi eta lan baldintzak duinak aldarrikatzeko kaleetara aterako gara. Izarkomen lan egutegi propio bat garatzearen aldeko apustua egiten dugu, gure baloreekin bat datorrena. Honenbestez ez dugu jaiegun...

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Dakizuenez, Ados Pilota, emakumezkoen pilota profesionala sustatzea helburu duen elkartea da, eta horrek, erdiz erdi bat egiten du Izarkomen izaerarekin.  Hori dela eta, lankidetzan jorratu dugu 2023/24 denboraldia eta antolatutako partida eta jaialdiak zuzenean...

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Herri gobernantzak ospatu eta aldarrikatzeko egunean urgentziazko arreta eskariak artatuko ditugu soilik. Izarkomen lan egutegi propio bat garatzearen aldeko apustua egiten dugu, gure baloreekin bat datorrena. Honenbestez ez dugu jaiegun arrotzik zein erlijioekin edo...

Egin zaitez bazkide

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara.

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Pin It on Pinterest

Partekatu hau!

Partekatu zure lagunekin