Euskal Herriko Telekomunkazio Kooperatiba

Zertaz ari gara arrakala digitalaz ari garenean? Bizitza digitalerako sarbidearen deskonexio partzial edo erabatekoaz ari gara. Deskonexio horren ondorioa da teknologietarako eta Interneterako, eta ondorioz oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea duten eta ez duten pertsonen artean sortzen den urruntzea.

Interneten hedapenarekin eta garapenarekin mundu digitalean bizi gara. Iraultza teknologikoak eremu pribatua gainditu du, eta aurrerapen teknologikoak eremu publikoetan ere ezarri dira: administrazioan, hezkuntzan, osasunean, oinarrizko zerbitzuetan, etab. 

Zoritxarrez baina, Interneterako sarbidea ez da unibertsala, eta horrek gizarte-bazterketako baztertze bide berri bat eragin  du, arrakala digitala deiturikoa. Pitzadura horrek, hainbat alderditan eragiten du: ezagutzan, herritarren parte-hartzean, hezkuntzan, lan-aukeretan, etab. 

Aitzitik, konektatzeko modua izanik ere, arrakala digitala ez da desagertzen. Arazoa hori baino sakonagoa da, izan ere, pertsona guztiok konpetentzia digitalak ez ditugu,  ez gara iaioak, edo erabilerari loturiko zailtasunak sortzen zaizkigu. 

Horretaz guztiaz aparte,  lurraldetasunaren auzia dago. Izan ere, estatuko operadore nagusienek errentagarritasuna dute helburu euren sareen zabalpena egiterako orduan eta ondorioz, populazio gune handienak lehenesten dituzte herri txikiago eta landa eremuen kaltetan.

Horiek horrela, esan daiteke hiru faktorek eragiten dutela arrakala digitala: Geruza sozioekonomikoak, adinak eta lurraldeak.

Geruza sozioekonomikoa

Batzuk konturatzen ez badira ere, lehena gure artean ere badago. Pobrezia energetikoari espazio mental handiagoa ireki bazaio ere, pobrezia digitalak iturri berdinetik edaten du, sektore prekarizatu eta baztertuenetatik alegia. Hala nola,migratzaile, langabe edota pentsiodun apalenetatik, gehien gehienak emakumezkoak.

Zer gertatu zen Covid19aren pandemiaren hasieran Hego Euskal Herrian? Eskolak itxi zirenean irakasle batek ohartarazi zuen ikasleetako askori ezinezkoa zitzaiela klasearen erritmoari eustea konexio arazoen ondorioz.  Kasu honetan, eskola eta udal batzuekin akordioak egin ondoren, 1.200 ikasle baino gehiagori internet konexioa ahalbidetu genien, klaseak jarraitu eta arrakala digitala handitu ez zedin. Horrez gain, Irungo Harrera Sarearentzako mugikorrak eskuratzeko elkarlanean ibili gara bertatik pasatzen diren pertsona migratzaileentzako.

Gainera, isolamendu teknologikoak maila sozioekonomiko baxuko pertsona  hauei askotariko oztopoak jartzen dizkie bidean: urrutiko prestakuntza jasotzea, laguntzak eskatzeko online izapideak egin ahal izatea edo online ingurunean bakarrik agertzen diren lan-eskaintzak ezin eskuratzea   desberdintasun sozialak areagotu baino ez dira egiten. . Gurpil zoro baten aurrean aurkitzen gara.

Adina

Erabileraren eremuari dagokionez, adineko pertsonak dira, zalantzarik gabe, arrakala digitala gehien pairatzen dutenak. Askok ez dute konpetentzia digitalak eskuratzeko modurik izan, eta eskuratu dituztenen artean berriz, badira ikasitakoa galdu dutenak gaixotasunen eta zahartzearen ondorioz. Babesgabetasuna pairatu ohi duten pertsona hauentzat azpimarratu beharreko konpetentzia digital bat aipatu behar da bereziki: konfiantza/segurtasuna Interneteko erabileran.

Eustat-en datuen arabera, gaur egun EAEn %85ek erabiltzen du Internet, baina 65 urtetik gorakoen artean %49k baino ez. Bestalde, Kontsumobidek, “Euskal kontsumitzaileen ohitura, erabilera eta gaitasun digitalei” buruzko ikerketan ondorioztatzen duenez , EAEko biztanleriaren erdia ingurune digitaletik kanpo sentitzen da. Datu horien arabera, hamarretik lau moldatzen da txukun edo oso ondo esparru teknologiko eta informatikoan. Aldiz, % 24 eskas edo nahiko gaizki. .

Datu hauek kontuan izanik, zerbitzu batzuk Internetez baino ez eskaintzea, giza eskubideen aurkakotzat jo beharko genuke, batez ere adinekoen kasuan. Onartezina da administrazio publikoko zerbitzu ia guztiak Internet bidez baino ez ematea: osasun arloko aurretiazko zitak, garraio-txartelak, pentsioaren inguruko kontsultak, errenta-aitorpena… 

Gero eta digitalizatuago dauden administrazio eta zerbitzuen aurrean, beharrezkoa da baliabideak jartzea arrakala digitalaren eragina gutxitzeko.

Lurraldea

Gaur egun, oraindik ere Interneterako konexiorik gabe edo sarbide oso mugatua duten landa-eremuak daude Hego Euskal Herrian . Hiriguneetan, aldiz, kableen hedapenak halako hiru edota lau izan daitezke interes ekonomikoak tarteko. 

Arazo honi aurre egiteko sare propioak garatzen eta hedatzen hasi gara, sare libre eta irekiak, bai irrati lotura bidez eta bai zuntz optiko bidez, adibidez, Usurbilen, Areson eta baita Hernanin ere, zeinetan Hernani Burujabe proiektuaren baitan sareak hedatzen gabiltzan.

Bestalde, Udal batzuen telefonia zerbitzu eta azpiegiturak Izarkomek kudeatzen ditu, eta honek herri horietako plaza garrantzitsuetan herritar guztientzako wifi sare libreak jartzeko aukera eman die, dela Zaldibia edo Artean besteak beste.

Azkenik, EHKom sortu dugu Udalbiltza eta Hiritik At kooperatibarekin batera, Euskal herrian sare libreak maila nazionalean sortu eta kudeatzeko proiektua, eta honek ahalbidetuko du Izarkomez gain, beste eragile batzuk saregintza horretara gehitzen joatea.

Nola bideratu dezakegu beraz, eten digitalak sortutako deskonexioa?

Europako Batasunak zuntza Europa osoan hedatzea zuen helburu (2020 Estrategiaren barruan), eta zerbitzuak hobera egin duen arren, lehen esan dugun bezala, teknologia hori ez duten eremuak daude oraindik.

Beste erakunde batzuek, hala nola NBEk pertsona guztiek Interneterako sarbidea izatea defendatzen dute, eta, beraz, teknologiarako sarbidea eskubide unibertsal bihurtzea.

Baina, nola bihurtu unibertsalizatzeko borondate hori errealitate? Jarraian azalduko ditugunak bezalako ekintzek arrakala murrizten lagunduko lukete:

  • Zerbitzuen mankomunazioa eta kontsumo partekatuko sareak estatu osoko gero eta lurralde gehiagotara zabaltzen ari diren ekimenak dira, eta Interneterako eta energiarako sarbide unibertsala bermatzeko eraginkorrak eta iraunkorrak direla erakusten ari dira.
  • Pertsona guztiek Internet modu autonomo, independente eta arduratsuan erabili ahal izateko neurriak eta politikak sustatzea.
  • Internetera sartzeko politika orok honako hauek barne hartzen dituela ziurtatzea:
    • “zulo beltzak” utzi gabe lurralde osora iristen den Interneteko estaldura.
    • gailuetarako sarbidea eta pertsonen beharren araberako konexioa, haien ahultasun sozioekonomikoa kontuan hartuta.
    • alfabetatzeko eta gaitasun digitalak garatzeko prozesuetan laguntzea.

Izarkomek jarduera-eremu horietan eragitea du helburu, hala nola lurralde-estalduran, alfabetatze digitalean edo Interneten erabilera arduratsu eta autonomoan. 

Ematen duena baino zabalduago dagoen errealitate gordina da arrakala digitalaren arazoa. Errealitate honek ez ditu betetzen beste arazo batzuk adina titular, baina epe luzerako ondorio latzak ditu, eta oso zailak dira bistaratzen eta kuantifikatzen. Guztion lana da arrakala hau gutxitzen saiatzea, gizarte berdinzaleago eta bidezkoago baterantz aurrera egiteko.

Izan kide!

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Albiste gehiago irakurri

Maiatzak 1 langileen eguna

Maiatzak 1 langileen eguna

Langileok pairatzen dugun prekarietate egoera iraultzeko eta bizi eta lan baldintzak duinak aldarrikatzeko kaleetara aterako gara. Izarkomen lan egutegi propio bat garatzearen aldeko apustua egiten dugu, gure baloreekin bat datorrena. Honenbestez ez dugu jaiegun...

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Binakako Txapelketa Nagusiko Finalerdiak ate joka

Dakizuenez, Ados Pilota, emakumezkoen pilota profesionala sustatzea helburu duen elkartea da, eta horrek, erdiz erdi bat egiten du Izarkomen izaerarekin.  Hori dela eta, lankidetzan jorratu dugu 2023/24 denboraldia eta antolatutako partida eta jaialdiak zuzenean...

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Martxoak 18an Parisko komunaren urteurrena ospatuko dugu

Herri gobernantzak ospatu eta aldarrikatzeko egunean urgentziazko arreta eskariak artatuko ditugu soilik. Izarkomen lan egutegi propio bat garatzearen aldeko apustua egiten dugu, gure baloreekin bat datorrena. Honenbestez ez dugu jaiegun arrotzik zein erlijioekin edo...

Egin zaitez bazkide

Proiektu partehartzaile gisa, izarkom zerbitzuen erabiltzaileak kooperatibako bazkideak gara.

Bazkide egiteko 50 €ko ekarpena egin behar zaio kooperatibaren kapital sozialari (ordainketa zatikatzeko aukera dago).

Pin It on Pinterest

Partekatu hau!

Partekatu zure lagunekin