“Noiz emango diegu lehen mugikorra?” Asteazken arratsaldez bildu gara Donostiako Kaxilda liburu-dendan galdera horren bueltan aritzeko. Bertan izan gara Mikel Cerezo Orainprebentzioko Adikzioen prebentzio Hezitzailea eta Leire Erzilbengoa Teknoiz talde eragileko partaidea eta Zurriola Ikastolako gurasoarekin. Guztion artean abiapuntu bera jarri dugu mahai gainean: mugikorra emateko adina ahalik eta gehien atzeratzea, ahal dela 16 urterarte.
Izan ere, bide honetan Zurriola Ikastolako LH6-ko gurasoen lorpena goraipatu dugu: ados jarri dira mugikorra ez ematearen gainean. Zehazki, Lehen Hezkuntzatik Bigarrengorako jauzian. Hala jakinarazi digu Erzilbengoak. Zurriolako guraso honek azaldu duenez, sei hilabetean behin biltzeko asmoa dute adostasunaren gainean eztabaidatzeko. “Lehen inertziaz haur guztiei ematen zitzaien adin etapa honetan lehen mugikorra, eta badirudi urte gutxiren epean inertzia honekin apurtzea lortzen ari garela”, esan du Leirek.
Ez da kasualitatea ere gurasook adin tarte hau aukeratzea. Zergatik? Orduan gertatzen baita ziklo aldaketa, zeinak haur askoren lekualdaketak eragiten dituen. Edonola ere, aldaketa horrek sorrarazten duen beharrari beste era batera erantzuteko moduak badaudela azaldu du Cerezok. Adibidez, deiak egin eta jasotzeko bakarrik balio duten telefonoak erabiltzea. “Badirudi smartphonen etorrerarekin albo batera utzi ditugula funtzio espezifiko batzuetarako erabiltzen genituen tresnak, izan irratia, iratzargailua, kalkulagailua, ordularia”. Eta honek, helduok egin beharreko hausnarketara eraman gaitu. Hitzaldira bertaratu den guraso batek esan duenez, Zurriola ikastolako 5. mailako gurasoen artean haurrak beraien artean komunikatzeko eta elkartzeko etxeetan telefono finkoaren berrerabilera jarri dute martxan.
Auzi honek dakartzan kezka nagusien inguruan galdetuta, eztabaida interesgarria piztu da kontrolaren kontzeptuaren inguruan. Zenbateraino ez ote garen gure haurrak gehiegi babesten ari. Eta aldi berean mugak jartzeak duen garrantzia ere nabarmendu dugu.
Puntu honetan hain zuzen, adingabeak babesteko lege egitasmoa izan dugu hizpide, Espainiako Gobernuak onartu berri duena ekainaren lauko Ministro Kontseiluan. Egitasmo horrek ingurune digitalean ibiltzen diren adingabeak babestea du helburu. Bertan jasotzen denaren arabera, fabrikatzaileek gailuei nahitaez ezarri beharko diete gurasoek kontrolatu ahal izateko sistemaren bat. Horrela, gurasoek edo tutoreek erabaki ahal izango dute zein aplikazio, zerbitzu edo eduki mugatu. Mikel Cerezok begi onez ikusi du tresna hauen erabilera, beti ere geolokalizaziorako dauden kontrolak alde batera utziko balira. “Autonomia pixkanaka lantzen den moduan, esaterako zebrabidea pasatzerako garaian gertatzen den moduan, mugikorrekin ere pixkanaka, era mailakatuan egin beharreko heziketa prozesua da”.
Gauzak hala, ondorio argi bat atera dugu. Gure ustez, gako nagusia haurrekin konfiantza lantzea, konfiantza egitea da, auzi honek dituen ertz ezberdinen gainean hitz eginez eta ahal den heinean mugikorren erabilera kriminalizatu gabe.