Izarkom telekomunikazio kooperatibako nodo berria martxan dago gaurtik aurrera
Izarkom, duela 6 urte sortutako herrigintza proiektu bat da, telekomunikazio burujabetza helburu duena hain zuzen ere. Hau da, herri batek edo gizarte batek, bere telekomunikazio zerbitzuak nola jaso nahi dituen erabaki eta lantzeko erakundea. 3.200 bazkidek osatzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da, norbanakoak gehienak, baita 300 bat elkarte, enpresa eta udal ere.
Beste operadore batzuk eskaini ditzaketen zerbitzuak eskaintzen ditugu. Internet konexioa modu ezberdinetan: zuntz bidez, irrati lotura bidez, edo 4G bidez. Telefono mugikor lineak eta telefono finko zerbitzua ere bai. Zerbitzuok gainera, kalitatezkoak eta eskuragarriak diren baldintzetan eskaintzen ditugu.
Bestalde, erakunde edo enpresentzako telekomunikazioen inguruko aholkularitza ere eskaintzen dugu. Horrez gain, transnazionalen interesetik at dauden landa eremuetara sare komunitarioak hedatzen ditugu beste eragile batzuekin elkarlanean. Guzti hau, euskaraz eta gertutasunetik lantzea da Izarkomen bereizgarrietako bat, izan ere, arreta ororen atzean pertsonak gaude.
Gaurtik aurrera, Irungo egoitzaz gain, Bilboko Goienkale kaleko 14. zenbakitik arituko gara duela sei urteko proiektuari segida ematen. Goizean egin dugun prentsa gosarian Amaia Oca, lehendakariak esan duenez “Bazkideen neurrira egokitutako zerbitzua ematen dugu, beraien beharretan oinarrituta. Izarkomek ez du eskaintza deigarrien bidez ahalik eta gehien saltzea bilatzen, kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatzea da gure helburuetako bat.”
Gaurko inaugurazioarekin aspalditik buruan genuen ametsetako bat egi bihurtu da. Orain arte bulego zentrala Irunen egonik, Izarkom ezagunagoa izan da Gipuzkoan. Izan ere, Bizkaiko bazkidetza ez da %24ra ere iristen eta aldi berean soziologikoki lehentasunezko herrialdea da.
Bilboko nodoa, jendaurreko arreta eta bulegoaz haratago, telekomunikazio burujabetza eta ekonomia sozial eraldatzailearen gune dinamizatzaile bezala aurkeztu du Urtzi Ugalde proiektuko koordinatzaileak: “Ideia da Bilbo-Bizkaian Izarkom proiektua herritarrentzat irekitzea eta elkarlanerako espazio bat sortzea, jarduera anitzak antolatuz, topagune bilakatuz eta bai Izarkometik, edo kooperatiba osatzen duten bazkideengandik sortu daitezken ekimen eta proiektuak abiatuz ere”.
Honengatik guztiagatik, etapa berri honi ekiteko irekiera jaia antolatu dugu. 20:00etan hasi da eta trikitixa eta txalapartaz gain, Izarkomen orbitan dauden luxuzko gonbidatuak izan dira bertan.
Ekitaldia txalapartariek ireki dute eta segidan Unai Iturriagaren bertsoek zipriztindu dituzte bertaratutako 100dik gora pertsona. Ainara Maya idazleak ez du bertaratzerik izan baina bere poesia testua irakurri ahal izan du Amaiak. Musika ere ez da falta izan, lehenik Jon Gurrutxagak eta ondoren La Basuk bertaratutakoak dantzan jarri dituzte. Plazerra izan da Unai Gaztelumendi ere lanean ikustea, jaiak iraun bitartean umorez betetako ilustrazioak sortu ditu. Azkenik trikitilarien txanda izan da.
Azkenik, esker hitzak, bazkideei, festara gerturatu ahal izan duten guztiei eta nola ez gonbidatuei.
Jarrai dezagun Telekomunikazio Burujabetzarako bidean elkarrekin urratsak ematen! Jarrai dezagun lanean!
Mila esker eta Adi Seinaleari!