Fedibertsoa, instantzia edo webgune multzo bat da, modu federatuan eta irekian edukiak partekatzen dituzte. Fedibertsoa terminoa “federazio” eta “unibertso” hitzen baturatik dator. Edonola, webguneok independenteak izan arren, webgune bateko erabiltzaileek beste webgune bateko erabiltzaileekin edo haiek argitaratutako edukiekin eragiketak burutu ditzakete: jarraitu, mezua bidali, iruzkindu… Hori guztia posible da, protokolo estandar berdinak erabiltzen dituztelako webguneek, esaterako, ActivityPub eta OStatus. Laburbilduz, askotariko sare horien baturari deitzen zaio fedibertsoa.
Izarkom Eskolaren laugarren saio honetan, Mikel Gartzia, Abaraska eta Librezale taldeetako kideak Euskal Fedibertsoaren ateak zabalduko dizkigu. Eskolaren lehen 30 minutuetan gaiaren inguruan teorizatuko dugu ondoren ikusitakoa praktikara eraman ahal izango dugularik, horregatik parte hartzaileei smartphone-a edo/eta ordenagailu eramangarria ekartzea gomendatzen diegu.
Saioa euskaraz izango da eta mokadutxo bat jateko aukera izango da amaieran. Interesa duenak izena eman dezake presentzialki Bilbora etortzeko (plaza mugatuak) edo online streaming bidez ikusi ahal izateko.
Izen ematea beharrezkoa da, eskolari buruzko informazio osagarria jasotzeko edo eta azken orduko beharrizan edo aldaketak jakinarazi ahal izateko.