Zer da izarkom?

Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa.

Herritik bertatik sortzen den euskal proiektu kooperatibo eta demokratiko bat da: telefono eta Interneterako zerbitzuetara sarbidea bermatuko digun telekomunikazio zerbitzu multzo batez hornitzeko helburuarekin sortutakoa, kalitatezko baldintza teknikoei egokitutako eta kostu onargarrietan oinarritutako tarifen bitartez. Izarkom, finean, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa da, Euskal Herrian azpiegitura telematiko zein telekomunikazio zerbitzuen gaineko burujabetzarantz bidea egiten joateko.

Telekomunikazio azpiegiturak, partekatuak, irekiak, libreak eta neutralak.

Telekomunikazio zerbitzu hauek Euskal Herriko txoko guztietara iritsi daitezen saiatzeko, dagoeneko zenbait herritan abian dauden telekomunikazio azpiegitura ireki, libre eta neutraletan oinarrituko da Izarkom. Horrez gain, gizarte eragile nahiz herritarrekin elkarlanean sare telematiko berriak ezartzen eta garatzen lagunduko du. izarkomek eraikitako edota sustatuko sare telematiko guztiak SIAN lizentzia prokomunari lotuta egongo dira, ezinbestean. Horrela, azpiegituren bikoizketak ekiditen ahaleginduko da eta, ahal den neurrian, gizarte nahiz ingurumen eraginak txikiagotzeko baliabideen erabilera partekatua bultzatuko du.

Gizarte ekimenerako Kooperatiba, gaur egungo eredu ekonomikoa eraldatuz.

Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzeko, jabetuta gaude ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako alternatiba errealak plazaratzeko beharraz. Horregatik, izarkom, gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba elkarte moduan eratu dugu. Alde batetik, kooperatiba gisa antolatu gara, ekimen honetan parte hartu nahi duten kide nahiz erakunde guztien artean modu demokratikoan kudeatutako proiektu parte-hartzailea izatea nahi dugulako. Bestetik, irabazi ekonomikoak lehenesten dituen enpresa ereduak atzean utzi eta ondare komuna eta jendartearen ongizatea helburu izango dituzten beste antolakuntza ereduak bultzatzea helburu dugulako gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko erakunde gisa, herritarron elkarlaguntzan oinarrituta eta auto-eraketaren bitartez.